miércoles, 7 de septiembre de 2011

UPV/EHUko zientzialariek arrakasta lortu dute haur-obesitatearen aurkako programa batekin



UPV/EHUko Elikadura eta Obesitatea taldeko zientzialariz osatutako ikerketa-talde batek haur-obesitatea tratatzeko doako programa bat gauzatu du martxotik uztailera bitartean, Txagorritxu ospitaleko Endokrinologia Pediatrikoko Atalarekin batera eta Gasteizko Udaleko Nutrizio Behatokiaren laguntzarekin. “Niñ@s en movimiento programa Bartzelonako Vall d’Hebron ospitaleko dietistek eta psikologoek sortu dute, eta Espainiako zein Hego Amerikako hainbat ospitale eta zentrotan aplikatzen eta arrakasta izaten ari dira aspalditik. “Programak ez dakar dietarik, sendagairik edo gaiaren inguruan edonork imajina dezakeen ohiko kalbariorik. Hezkuntza-kontua da. Hezkuntza-programa integrala, alegia”, azaldu du Bittor Rodríguez UPV/EHUko Farmazia Fakultateko Nutrizio eta Bromatologia Saileko irakasleak.
Gasteizen, tratamendua hiru hilabetez aplikatu dute. Denbora horretan, gehiegizko pisua daukaten 8 eta 12 urte bitarteko 40 neska-mutilek, haien gurasoekin edo legezko tutorerekin, astero dietista zein nutrizionistek zuzendutako ordu eta erdiko tailerretan parte hartu dute Txagorritxu ospitalean. Tailer horietan, elikaduraren eta bizimodu osasuntsuaren kontzeptu klasikoak landu dituzte. “Beste tailer batzuekiko aldea —Bittor Rodríguezek azpimarratzen duenez—, eta, agian, tailer horren arrakastaren ardatza, hezkuntzaren oinarri neska-mutilen nahiz haien familien emozionalitatea hartzea da. Hau da, hezi egiten da, eta tresnak proposatzen dira, eta, aldi berean, emozioen aldetik egonkortasuna eta indargarriak ematen dira. Logikoa da ikaskideen komentarioengatik larrituta dagoen neska edo mutil bat emozioen aldetik blokeatuta egotea, eta beharrezkoak diren aldaketei aurre egiteko indar edo motibaziorik ez izatea. Oro har, gurasook ere ez gara neska-mutilei bidea erakusteko gai, erraza ez delako eta prestakuntza behar delako”. Autoestimua, sozializazioa, katarsia, emozioen hustuketa eta taldearen kohesioa lantzeko ariketak baliagarriak dira haurrak abiapuntu egokian jartzeko. “Ulertu egiten dute zer gertatzen ari den; ondo dakite indartsuak eta ahaltsuak direla. ‘Izarra naiz’, ‘atsegina naiz’ edo ‘indartsua naiz’… horrelako esaldiak esaten dira programan parte hartu duten haurrek zer ikasi, aldatu edo proposatu duten azaldu aurretik”.
Programa amaitzean, lortutako emaitzek frogatu dute programa eraginkorra dela parte hartu duten haurren nutrizio-egoera eta osasuna hobetzeko. Hala, parte hartu duten hamar haurretatik bederatzik beren gorputz-masaren indizea murriztu zuten, eta beren gorputz-osaera hobetu zuten, koipe-portzentajea murriztuz. “Horren ondorioz, gehiegizko pisuaren maila adierazten duen eskalan behera egin zuten denek, eta haur guztiek osasuneranzko jauzia egin zuten: obesoak zirenetako asko gehiegizko pisua izatera iritsi ziren (maila bat gutxiago, pisuari dagokionez), eta gehiegizko pisua zutenetako asko haur osasuntsu bati dagokion gorputz-masaren indizea izatera iritsi ziren. Hain zuzen ere, hasieran gehiegizko pisu moderatua zuten ia parte-hartzaile guztiak pisu normaleko neska-mutilak ziren programa amaitzean. Gehiegizko pisua eta bihotz-hodietako arriskua lotzen dituzten beste alderdi batzuk ere aldatu egin ziren, onerako: gerriaren perimetroa edo arteria-presioa ere nabarmen murriztu ziren”.
Ohiturak aldatzea
Hobekuntza horren arrazoiak tailerretan sustatu diren ohitura-aldaketen inguruko datuak izan litezke. Programa hasi baino lehen, hamarretik lauk soilik onartzen zuten dieta egokia egiten zutela; programan parte hartu ondoren, hamarretik bederatzik esan dute kalitate handiko dieta egiten dutela, eta askoz fruta, barazki eta arrain gehiago kontsumitzen dutela. Jarduera fisikoaren inguruan egindako lanak ere emaitzak izan ditu: jarduera fisikoa egiten ordubete baino gehiago ematen dutenen kopurua programa hasi baino lehenagokoena halako bi da, eta egunean ordu-erdi baino gutxiago ematen dutenen kopurua erdira arte murriztu da. Programa hasi baino lehen, batez beste 60 minutu ematen zituzten egunean ariketa fisikoa egiten, eta programa amaitu ondoren, 80 minutu.
“Programaren arrakastaren arrazoiak aztertzean, ez dugu ahaztu behar zein izan den programan parte hartu duen kolektiboa. Gure txapeldunek, haur guztiek bezala, ahalmen eta parte hartzeko gogo ezin handiagoak dituzte, baldin eta behar bezala estimulatzen badira. Hori ageri-agerian geratu da programaren bilakaeran, emozionalitatea behar bezala kudeatuz indarra, ahalmena, jenialtasuna eta eredugarritasuna barra-barra askatu baitira. Senideen parte-hartzea ere funtsezko laguntza izan da. Programan parte hartu dute, eta seme-alabei osasuneranzko bidea egiten lagunduz trebakuntza jaso dute. Ez dugu ahaztu behar bidea luzea dela, eta gehienentzat hasi besterik ez dela egin. Pisu osasuntsua lortu arte ekin behar dute. Mediku-azterketetan jarraipen egokia egingo zaie, eta indargarriak ere emango zaizkie”, Bittor Rodríguezek adierazi duenez.
Farmazia Fakultateko irakaslearen ustez, obesitatea, elikadura-ohitura txarrak eta egoneko bizimodua “erabileraren poderioz balioa galdu duten terminoak dira, eta, gaur egun, herritar arruntarentzat kezkagarriak izan beharrean, ia-ia gizarte garatuen berezko ezaugarriak dira”. Gure nutrizio-egoerari, elikadura-ereduei eta jarduera fisikoari buruzko azterlanek eta kontzientziatzeko kanpainek zenbait urtetatik hona errepikatzen dute norabidea aldatu behar dugula. “Hala ere, ezer gutxi egiten denez (edo egiten denean oso gutxitan asmatzen denez), gaia aspergarria izaten da. Badakigu hori, ez dago zertan hainbeste errepikatu, duela urte asko ohartu ginen jende askok gehiegizko pisua duela, bide txarretik goazela, eta hobeto jan behar dugula eta ariketa gehiago egin behar dugula. Farmazia eta Elikagaien Zientzien Saileko irakasleak hau ere adierazi du: "Obesitateari buruzko zifrak eta grafikoak ezkutatzen ditugu, askok pentsatzen dutelako –zuzen pentsatu ere– jendeak behar duena ez dela leloa hainbeste errepikatzea, baizik eta hainbeste aldarrikatu den ohitura-aldaketa gauzatu, ezarri eta sendotu ahal izateko tresnak izatea”.
UPV/EHUko Nutrizioa eta Obesitatea taldeko zientzialari batzuek osatzen duten taldeak, Txagorritxu ospitaleko Endokrinologia Pediatrikoko Atalarekin koordinatuta eta Gasteizko Udaleko Nutrizio Behatokiaren laguntzarekin, haurrentzako doako programa hori beste lurralde batzuetara eramatea du helburu. “Gauza jakina da —Bittor Rodríguezek azpimarratzen duenez— haurtzaroan eta nerabezaroan estetikari lotutako arazoak bereziki gogorrak izan daitezkeela, eta desoreka emozional handiak sor daitezkeela. Bada, helduarora heltzean, desoreka horiek aztarnak uzten dituzte portaeran. Beraz, garrantzitsuak eta premiazkoak dira, bai tratamendua, bai prebentzio-lana”. Alde horretan, dietetika-arloko profesionalek obesitatearen prebentzio eta tratamendurako programa integralen alde egiten dute. Programa horietan, arazoari arlo fisiko, mental eta sozialetik heldu behar zaio, eta aldaketarako tresna praktikoak eman behar dira. Rodríguezek hau adierazi du ondorio gisa: “Hezkuntza da borroka honetan arrakasta ekarriko digun tresna”.