jueves, 8 de marzo de 2012

A ze parea, obesitatea eta gosea


Nazio Batuen Erakundeak (NBE) argitaratu berri duen dokumentu baten obesitateak goseak beste arazo eragiten dituela esaten du. Datuak ematen ditu eta argiak dira, obesitatea aurera doa lehen munduan eta gainera garapenean dauden herrialdeetako zenbait klase sozialetan ere agertzen hasia da. Baina, oker egon naitekeen arren, kontu hontan zenbaki hutsak begiratzea haserretu egiten nau. Azken finean, lehen munduan aukera daukagu, batzuk erretzen hiltzen dira beste batzuk gaizki jateagatik eta ohitura txarragatik baina jakinaren gainean. Hil daitezkenaren jakinaren gainean eta beste batzuk ezer jateko aukera ez dutela jakinda. Gure gehiegikeria beste batzuen miseriaren eragileetako bat dela jakinda.
Bestalde, dokumentuak daukan gauza ona administrazioa edo gobernuak eta enpresak jartzen dituela arduradun gisa. Hala ere nire ustez obesitatea, arazo bat izanda, ez lioke goseari protagonismoa kendu behar. Biak arazoak dira baina oso deberdinak, obeso bizi daiteke (asko eta ondo) baina desnutrituta ez (gutxi eta gaizki).

Barka diezadatela baina, munduko obeso guztien arazoaren aurrean gosez hiltzen den ume bakar batena askoz garrantzitsuagoa iruditzen zait eta NBEtik egindako alderaketa, bihozgabekeri galanta.

Iturria: http://sociedad.elpais.com/sociedad/2012/03/05/actualidad/1330971557_662268.html

sábado, 25 de febrero de 2012

Dukan ausarta


Hurrengo martxoaren 9an Nafarroako Unibertsitateko Zientzia Eraikuntzaren Ekintza Aretoan, goizeko 9etan Pierre Dukan jaunak bere metodoaren nondik norakoak aurkeztuko ditu. Honen ostean Juan Revenga nutrizionistaren eskutik argaltzeko dieta orekatuen oinarri zientifikoei buruzko hitzaldia eskeiniko da. Bapatean, sorpresaz, dietisten amesgaizto bihurtu den pertsonaia nutrizio arloan munduko unibertsitate famatuenetariko batera, dietisten aurrean hitzegitera ekarri digute. Pierre jauna bai (izena erabiliko dut -barka- abizena errespetatzeko, erabiltzearen poderioz, dagoeneko ustelduta egongo da eta. Bera eta ni). Pierre jauna in person. Dietisten informazio guneetan "face to face" bezala publizitatu da. Manuel Campo Vidalek aurkeztuko ez duen arren, interes goreneko jarduera izango denaren dudarik ez dago. Jende askorentzat, ez bakarrik dietistontzat. Eritzi publikoaren ikuspuntutik halako "duelo" bat guztiz erakargarria da, bi aldeetan dauzkagun jarraitzaile kopurua kontuan izanda. Interesatuekin jarraituz, ezin ditugu metodoarekin urrezko egiten ari direnak ahaztu, ministeritzak eta dietistak arrazoia dutela ez duelako populazioak oraindik onartu, eta metodoaren alienatu amorratuak eta salmenten irabaziak ez dira "plateau"ra iritsi. Olo-zahiaren erregearen indartze bat dirua egiteko motorra "turboan" jarriko luke. Informaziorik ez daukadan arren, suposatu dezaket prentsa bertan egongo dela, eta gertatzen dena guztion begietara iritsiko da.
Aukera bat da beraz, biontzat. Pierre jauna ezagutzaren jauregira hurbildu da, etsai zientifikoz inguratzera. Han egongo garen dietistok argudio zientifiko sendoenak erabilita gure iritzia defendatzeko aukera izango dugu, gaitz honen arduradunaren aurrean. Ez dago esan beharra, behar bezala aurre egiten ez bazaio, bere tesien indartzea dietiston irizpidearen ahultzearen pareko izango dela. Horregatik, Juan bozeramaile izanda ere, aretoa nutrizionistaz beteta egonda 25 minututako eztabaida zientifikorako prest egon beharko gara. Ezta?

miércoles, 7 de septiembre de 2011

UPV/EHUko zientzialariek arrakasta lortu dute haur-obesitatearen aurkako programa batekin



UPV/EHUko Elikadura eta Obesitatea taldeko zientzialariz osatutako ikerketa-talde batek haur-obesitatea tratatzeko doako programa bat gauzatu du martxotik uztailera bitartean, Txagorritxu ospitaleko Endokrinologia Pediatrikoko Atalarekin batera eta Gasteizko Udaleko Nutrizio Behatokiaren laguntzarekin. “Niñ@s en movimiento programa Bartzelonako Vall d’Hebron ospitaleko dietistek eta psikologoek sortu dute, eta Espainiako zein Hego Amerikako hainbat ospitale eta zentrotan aplikatzen eta arrakasta izaten ari dira aspalditik. “Programak ez dakar dietarik, sendagairik edo gaiaren inguruan edonork imajina dezakeen ohiko kalbariorik. Hezkuntza-kontua da. Hezkuntza-programa integrala, alegia”, azaldu du Bittor Rodríguez UPV/EHUko Farmazia Fakultateko Nutrizio eta Bromatologia Saileko irakasleak.
Gasteizen, tratamendua hiru hilabetez aplikatu dute. Denbora horretan, gehiegizko pisua daukaten 8 eta 12 urte bitarteko 40 neska-mutilek, haien gurasoekin edo legezko tutorerekin, astero dietista zein nutrizionistek zuzendutako ordu eta erdiko tailerretan parte hartu dute Txagorritxu ospitalean. Tailer horietan, elikaduraren eta bizimodu osasuntsuaren kontzeptu klasikoak landu dituzte. “Beste tailer batzuekiko aldea —Bittor Rodríguezek azpimarratzen duenez—, eta, agian, tailer horren arrakastaren ardatza, hezkuntzaren oinarri neska-mutilen nahiz haien familien emozionalitatea hartzea da. Hau da, hezi egiten da, eta tresnak proposatzen dira, eta, aldi berean, emozioen aldetik egonkortasuna eta indargarriak ematen dira. Logikoa da ikaskideen komentarioengatik larrituta dagoen neska edo mutil bat emozioen aldetik blokeatuta egotea, eta beharrezkoak diren aldaketei aurre egiteko indar edo motibaziorik ez izatea. Oro har, gurasook ere ez gara neska-mutilei bidea erakusteko gai, erraza ez delako eta prestakuntza behar delako”. Autoestimua, sozializazioa, katarsia, emozioen hustuketa eta taldearen kohesioa lantzeko ariketak baliagarriak dira haurrak abiapuntu egokian jartzeko. “Ulertu egiten dute zer gertatzen ari den; ondo dakite indartsuak eta ahaltsuak direla. ‘Izarra naiz’, ‘atsegina naiz’ edo ‘indartsua naiz’… horrelako esaldiak esaten dira programan parte hartu duten haurrek zer ikasi, aldatu edo proposatu duten azaldu aurretik”.
Programa amaitzean, lortutako emaitzek frogatu dute programa eraginkorra dela parte hartu duten haurren nutrizio-egoera eta osasuna hobetzeko. Hala, parte hartu duten hamar haurretatik bederatzik beren gorputz-masaren indizea murriztu zuten, eta beren gorputz-osaera hobetu zuten, koipe-portzentajea murriztuz. “Horren ondorioz, gehiegizko pisuaren maila adierazten duen eskalan behera egin zuten denek, eta haur guztiek osasuneranzko jauzia egin zuten: obesoak zirenetako asko gehiegizko pisua izatera iritsi ziren (maila bat gutxiago, pisuari dagokionez), eta gehiegizko pisua zutenetako asko haur osasuntsu bati dagokion gorputz-masaren indizea izatera iritsi ziren. Hain zuzen ere, hasieran gehiegizko pisu moderatua zuten ia parte-hartzaile guztiak pisu normaleko neska-mutilak ziren programa amaitzean. Gehiegizko pisua eta bihotz-hodietako arriskua lotzen dituzten beste alderdi batzuk ere aldatu egin ziren, onerako: gerriaren perimetroa edo arteria-presioa ere nabarmen murriztu ziren”.
Ohiturak aldatzea
Hobekuntza horren arrazoiak tailerretan sustatu diren ohitura-aldaketen inguruko datuak izan litezke. Programa hasi baino lehen, hamarretik lauk soilik onartzen zuten dieta egokia egiten zutela; programan parte hartu ondoren, hamarretik bederatzik esan dute kalitate handiko dieta egiten dutela, eta askoz fruta, barazki eta arrain gehiago kontsumitzen dutela. Jarduera fisikoaren inguruan egindako lanak ere emaitzak izan ditu: jarduera fisikoa egiten ordubete baino gehiago ematen dutenen kopurua programa hasi baino lehenagokoena halako bi da, eta egunean ordu-erdi baino gutxiago ematen dutenen kopurua erdira arte murriztu da. Programa hasi baino lehen, batez beste 60 minutu ematen zituzten egunean ariketa fisikoa egiten, eta programa amaitu ondoren, 80 minutu.
“Programaren arrakastaren arrazoiak aztertzean, ez dugu ahaztu behar zein izan den programan parte hartu duen kolektiboa. Gure txapeldunek, haur guztiek bezala, ahalmen eta parte hartzeko gogo ezin handiagoak dituzte, baldin eta behar bezala estimulatzen badira. Hori ageri-agerian geratu da programaren bilakaeran, emozionalitatea behar bezala kudeatuz indarra, ahalmena, jenialtasuna eta eredugarritasuna barra-barra askatu baitira. Senideen parte-hartzea ere funtsezko laguntza izan da. Programan parte hartu dute, eta seme-alabei osasuneranzko bidea egiten lagunduz trebakuntza jaso dute. Ez dugu ahaztu behar bidea luzea dela, eta gehienentzat hasi besterik ez dela egin. Pisu osasuntsua lortu arte ekin behar dute. Mediku-azterketetan jarraipen egokia egingo zaie, eta indargarriak ere emango zaizkie”, Bittor Rodríguezek adierazi duenez.
Farmazia Fakultateko irakaslearen ustez, obesitatea, elikadura-ohitura txarrak eta egoneko bizimodua “erabileraren poderioz balioa galdu duten terminoak dira, eta, gaur egun, herritar arruntarentzat kezkagarriak izan beharrean, ia-ia gizarte garatuen berezko ezaugarriak dira”. Gure nutrizio-egoerari, elikadura-ereduei eta jarduera fisikoari buruzko azterlanek eta kontzientziatzeko kanpainek zenbait urtetatik hona errepikatzen dute norabidea aldatu behar dugula. “Hala ere, ezer gutxi egiten denez (edo egiten denean oso gutxitan asmatzen denez), gaia aspergarria izaten da. Badakigu hori, ez dago zertan hainbeste errepikatu, duela urte asko ohartu ginen jende askok gehiegizko pisua duela, bide txarretik goazela, eta hobeto jan behar dugula eta ariketa gehiago egin behar dugula. Farmazia eta Elikagaien Zientzien Saileko irakasleak hau ere adierazi du: "Obesitateari buruzko zifrak eta grafikoak ezkutatzen ditugu, askok pentsatzen dutelako –zuzen pentsatu ere– jendeak behar duena ez dela leloa hainbeste errepikatzea, baizik eta hainbeste aldarrikatu den ohitura-aldaketa gauzatu, ezarri eta sendotu ahal izateko tresnak izatea”.
UPV/EHUko Nutrizioa eta Obesitatea taldeko zientzialari batzuek osatzen duten taldeak, Txagorritxu ospitaleko Endokrinologia Pediatrikoko Atalarekin koordinatuta eta Gasteizko Udaleko Nutrizio Behatokiaren laguntzarekin, haurrentzako doako programa hori beste lurralde batzuetara eramatea du helburu. “Gauza jakina da —Bittor Rodríguezek azpimarratzen duenez— haurtzaroan eta nerabezaroan estetikari lotutako arazoak bereziki gogorrak izan daitezkeela, eta desoreka emozional handiak sor daitezkeela. Bada, helduarora heltzean, desoreka horiek aztarnak uzten dituzte portaeran. Beraz, garrantzitsuak eta premiazkoak dira, bai tratamendua, bai prebentzio-lana”. Alde horretan, dietetika-arloko profesionalek obesitatearen prebentzio eta tratamendurako programa integralen alde egiten dute. Programa horietan, arazoari arlo fisiko, mental eta sozialetik heldu behar zaio, eta aldaketarako tresna praktikoak eman behar dira. Rodríguezek hau adierazi du ondorio gisa: “Hezkuntza da borroka honetan arrakasta ekarriko digun tresna”.

miércoles, 3 de junio de 2009

Bildotsa, goxua, kafe a la krema, kopa ta purua +Alli


Etortzear zegoen eta heldu da eta argazkiko laguna pozik daukagu.... Dagoeneko Farmaziatan aurkitu daiteke errezeta gabe erosi daitekeen argaltzeko pilula. Alli izen komertzialarekin orlistat duen botika daukagu eskuragarri nahi dugunerako. Lipidoen absortzioa galerazten du orlistatek eta beraz jaten den lipidoen kopuru garrantzitsu bat ez du kilokalorien zenbaketan eraginik izango. Yupi!! koipea jan ta ez xurgatu!! Gargantua eta Olentzero ororen ametsa!! Bageneukan kolesterola ez xurgatzen laguntzen zuen iogurta eta orain gantza komunian uzteko pilula. Gantz edo kolesterol gutxiago jaten erakustea baino errazagoa denez... eta errezeta bitartez, profesionalen agindu eta kontrolpean egitea garestia denez...self service!... Badakizue...?? nikotina biriketan itsasten eta xurgatzen galerazten duen pilula ateratzeko erronka bidaltzen diet "osasunaren ikerlariei" egunero hiru pakete erre ahal izateko arazo gabe... Tabakoaren legea baino eraginkorragoa izango zan eta erretzaile pasiboak ere arazorik ez!... enfin serafin

lunes, 13 de octubre de 2008

Dietistentzat ikerketa aukera Gasteizen


EHUko, LEIAko eta Txagorritxu ospitaleko ikerlarien zuzendaritzapean Farmazia Fakultateko GED ikasle ohiak ikerlari lanetan dihardute. Elikagai funtzionalak argaltze dieten lagungarri izan daitezkeen edo ez argitzen besteak beste. Ikerketa zuzentzen duten zentruak edo eta ikerketa bera ere maila handiikoa izateaz gain, albistearen erakargarriena da dietista-nutrizionistarenprofesioaren sendotzearen ereduetako bat dela. Eta ez langile soil gisa, ikerketa-laguntzaile gisa baizik. Graduaren eta masterren ezarpenarekin bestalde, tesi doktorala eta beraz ikerketa egiteko aukera errealitate bat izango da. Bolada onak datoz antza, gure profesioarentzat.
Iturria:

martes, 16 de septiembre de 2008

BIBLIOGRAFIA BERRIA

Nutrizionistentzat, bai laneana daudenentzat edo eta ikasleak direnentzat kontsulta liburu bat argitaratu berri da: "Bases de la Alimentación Humana". Nola jakin dudan...? Txoritxo batek esanda ... kasualitatez... Beste edozein kontsulta libururen aurrean dituen berezitasunak asko dira. Hasteko, UPV/EHUn Giza Nutrizioa eta Dietetika diplomaturan irakasle edo eta elikagaien edo nutrizioaren munduan ikerlariak direla liburuaren egileak (28 guztira). Gainera, egileen artean nutrizionista asko daude. Hau honela, jorraturiko gaien gaurkotasuna, sakontasuna eta zuzentasuna argia da. Bestalde, antzerako osakera eta helburua (kontsulta, eguneratzea) duten beste argitarapen gehienak luzeera handia izatean, handiegiak dira eta beraz erabilgarritasun mugatua dute. "Bases de la Alimentación Humana" 561 orrialderekin liburu osoa izateaz gain, guztiz erabilgarria eta eramangarria da. Lana hiru atal nagusitan antolaturik dago:

- lehen atala eliakaien ingurukoa da. Hauen egitura, osakera eta beste ikuspegi garrantzitsuak jorratzen dira.


- Bigarren atalaren gaia nutrizioa da. Giza gorputzak elikagaietako gaiak nola erabiltzen dituen (metabolismoa) azaltzen da. Nerbio sistemak gosearen eta energia-orekaren gainean duen kontroilari buruz ere hitzegiten da atal honetan.


- Hirugarren eta azken atala dietetikari dagokio. Elikagaien eta nutrizioaren ezagutzak gizakion hainbat egoeratarako dietak egiteko artean erabiltzeko jarraibideak ematen dira.


Egileetako bat izateak suposatzen duen gaitzikortasuna alde batera utzita, Elikagaien Zientzietako eta bereziki Nutrizionistentzako kontsulta liburu bikain baten dela argi daukat.

sábado, 5 de julio de 2008

Ikastetxetik kuiak


Ikastetxetik kuiak ekartzeak irakasgaiak ez gainditzearen sinonimo titulua galdu lezake hemendik aurrera. Europear Batzordeak Erkidegoko ikastetxeetan fruta eta barazkien banaketa kofinanziatzeko 90 milioi euro jarriko ditu. Diru faltagatik halako programen gabezia duten herrialdeak izango dute lehentasuna eta programen kostuaren %50-75 ordainduko da Bruselatik. Elikadura-ohituren finkapena gertatzen den adinetan ohitura osasungarrien indartzea da helburua. Gertakari positiboa den arren, guztiak bezala puntuala da. Ikasleei burua erabiltzen erakusten dieten bezain ondo jarduera fisikoa (gogoratu dezagun geroz eta ordu gutxiago eskaintzen zaizkiela) eta elikadura irakatsiko baliete, askoz hobe.
Iturria: www.jano.es